"Polite deko klariñe horrek gitterriak"
Negarrez nago.
Iluna, eguna.
Gehiago igual, fededun ez garanontzako.
Amoma hil da. Mari Atekakoa.
Geugaz bizi izan da etxean, azken bost urteatan, aitite hil zanean geurera etorri zan eta biztera. Mungiako pisu zahar argibakotik geure etxera, aldeara, bera gaztetan bizi izan zaneko Ateka baserritik paraje. Hara ezkondu zan, eta han euki zituan seme-alabak. Itzel poztu deusku etxea azkaneko urteotan. Horregatik nago lur-jota. Ez dodalako hainbeste gustetan jakon argazkiko terraza horretan gehiago beragaz berbaldirik eukiko, ezin deutsedalako adarrik jo jateko orduan.
Zorionez, Gabon Zahar gaba eta Urte Barri eguna sano gustora igaro dauz, geure artean eta pozarren, umorez. Bat-bateko kontua izan da eta.
Ez dakit, akaso, ez ete dodan larregi biluztuko burua post honegaz. Ez dalako behar bada lekurik aproposena (blog-eko beste idazlearen, Ciroren, baimena izango dodalakoan nabil). Baina ez daukot indarrik, ez eta gogorik, telefonoa erantzuteko. Ez deutsuet telefonoa hartu gaur, eta badakit barkatuko deustazuela. Milesker bide batez jaso dodazan mezuokaitik. Non edo non zer edo ha idatzi gura izan dot gainera, denbora bat barru ikus daidan zelan egon nazan gaurko egunean.
Entsaioro inoan:
"Badatortzuz lagunek musikea jotera"
"Bai"
"Geuze handie dire lagunek"
"Bai"
Argazkia joan dan udakoa da, geure blog-etik hartu dot. Laurogeita bederatzigaz atarakoa. Gitarrea erosi neban bigarren eskukoa Ameriketatik ekarrite. Berari esan neutson probetako, erdi-broman. Eskuetan hartu eban berak, eta sokari eragin. Nik barre. Berak: "Polite deko klariñe". Nik barre.
Berari zor deutset nire euskararen ona. Berak askoz politago ein arren be, harro nago berari entzundakotik ikasi dodalako dakidana. Hainbat jatortaz gogora: "ondo gogoan dot ...", "arbolak etxea asko janzten deude", "Guk honeeri galazon eitentzekue", "Txakur ta katu konpontan dire", "Buztenari eraitentzo Narruk", "horrek ez dire berekutekoak", "ia beñatxu"...kapaza naz orri osoak betetuteko beranakaz. Baia batez be, harmonia zer dan, lagunen balioagaz jabetzen eta irribarreagaz erantzuten irakatsi deust.
Ez deutset emon sekula neure ligeen barri. Ezin jakin dau. Ez deutset esan begetarianoa nazanik, ez eta inglesa dakidanik. Ez daki Bukowski, Singer, Sartre,Nietzche, Sagan, Groucho, Franz, Gandhi, Montyak, The Simpsons, Hate, Lenin, Klein edo Noam gogoko dodazanik, ez eta Dayna eta Atomen kontzertuetara joan nazanik astion. Ezin jakin dau gaur, barri txarra entzun eta gero Deicide jarri dodala kotxean, eta Tori ostean. Pendiente daukodala nudismoa egitea udan, Athletic-ek bost axola deustala. Ezta bart, gabaz, bera agurtu eta gero Multietara joan nintzenik, bakarrik, "Once" ikustera. Ez dau inoiz jakin ingeniaritza karrera zentzubakoa dala neutzat, alienaute nagoala bertan. Berari bardin jakon hori dana, geu pozik ikusita nahikoa. Neure bizimodua frenetikoegia eritxon akaso, ez dakit, harro egoan nitaz edozelan be. Goizero: "Geur bere Bilbora? Gero baliokotzu horrek. Kanteak diño: Bilbora noa Bilbora, ez dago Bilbolangorik"
Izar da zerua.
1 comentario:
Sentitzen dut. Gauzak ez dira beti nahi dugun bezala. Gauza batzuek gehiegi irauten dute, maite ditugunak, gutxiegi. animo!
Publicar un comentario